Nafarroako meteorologia eta klimatologia
Nafarroako kliman eragiten duten faktoreak - Meteo Navarra

Nafarroako kliman eragiten duten faktoreak


Nafarroako kliman batik bat bi faktorek eragiten dute: zirkulazio atmosferikoak (presio handiko eta txikiko guneak, aire-masak eta fronteak) eta Nafarroako lurraldearen berezko ezaugarri geografikoek (kokalekua, altitudea, erliebearen antolaketa).

Zirkulazio atmosferikoa

Nafarroa, ekuatorearen iparraldean 41º43' eta 43º20' latitudeen artean dagoenez mendebaldeko Europaren hegoaldean, mendebaldeko haize hezeen hegoaldeko bandaren eraginpean dago. Haize horiek hurbilago egoten dira neguan, udan urrunago, eta udaberrian eta udazkenean tarteko kokalekuak izaten dituzte. Haize horiek eragiten dituzte prezipitazioak Nafarroan, lurraldea zeharkatzen dutenean. Nafarroako iparraldean, kantauriar eta piriniar ibarretan, iparraldeko muturrean daudenez, haize heze horien eraginpean daude Nafarroako Erribera baino gehiago, azken hori hegoalderago baitago.

Ekintza-zentroek Nafarroako eguneroko eguraldian eragiten dute. Goi-presioetako zentroek edo antizikloiek egun lehor eta oskarbiak sortzen dituzte. Goi-presio subtropikalen gerrikoko Azoreetako antizikloia, euri fronteei igarotzen uzten ez dien oztopoa da. Bere posizioa ez da finkoa izaten: udan iparralderago kokatzen da, eta neguan berriz hegoaldera aldatzen da. Antizikloi horrek sortzen du eguraldi lehor eta eguzkitsua, urteko sasoi batzuetan beroagoa edo besteetan hotzagoa izaten dena. Seihileko hotzean Atlantiko ekialdeko antizikloi polarrak eta Erdialdeko Europako antizikloiak agertzen dira. Horien ondorioz egun hotzak sortzen dira batez ere neguan; orduan agertzen dira izotzak edo behe-lainoak.

Behe-presioetako zentroek ekartzen dituzte prezipitazioak Nafarrora. Batzuetan, antizikloien ordez Atlantikoko depresioak sortzen dira; depresio horiek euri-fronte polarrak Nafarroarantz erakartzen dituzte; indartsuagoak izaten dira neguan eta udaberrian. Azoreetako depresioak ekaitzak eta tanta hotzak sorrarazten ditu. Horien ondorioz Nafarroan euria izaten da baldin eta Penintsula zeharkatzen badute. Genova golkoko depresioek (Ligur depresioek) ere euria ekartzen dute, Ebro ibarrari jarraituz zirkulatzen badute.
Euria eta ortzadar Leireko mendilerroan
Aipatutako zentroek hainbat motatako aire-masak bidaltzen dituzte Nafarroara. Masa tropikalak beroak dira, beren jatorriaren ondorioz; itsasotik heltzen badira hezeak izaten dira, eta kontinentetik etortzen badira, berriz, lehorrak; batik bat udan heltzen dira. Goi latitudeetan sortzen diren masa polarrak, hotzak, hezeak eta ezegonkorrak izaten dira ibilbide ozeanikoa izaten dutenean; kontinenteak zeharkatzen badituzte, berriz, lehorrak izaten dira. Hotz-haizekadak sortzen dituzten masa artikoak bakanagoak dira. Aire-masa tropikalek eta polarrek, edo aire-masa polar hotz eta epelek, elkar ukitzen dute eta euri-fronteak sortzen dituzte. Fronte horiek Nafarroara batez ere mendebaldetik (ipar-mendebaldetik eta hego-mendebaldetik) heltzen dira eta euriteak ekartzen dituzte. Iparraldeko korronteak ere oso euritsuak izaten dira; izan ere, euri-zaparrada handiak eragiten dituzte.

Ezaugarri geografikoak

Lehenago deskribatu diren ekintza-zentro, aire-masa eta fronteek, behin Nafarroan sartzen direnean, berezko ñabardura klimatikoetan islatzen diren ezaugarri bereziak hartzen dituzte. Zalantzarik gabe, leku bateko kliman eragin handiena duten faktoreetako bat erliebea da, eta Nafarroan erliebe horren ezaugarririk behinena aniztasuna da. Aniztasun orografiko horren ondorioa da klimaren aniztasuna.

Altitudeak eragin handia du Nafarroako kliman. Gure lurraldearen zatirik handiena berrehun metro eta mila metro bitartean dago; hortaz altitude ertaineko mendialdea da, eta hori ez da oztopo gaindiezina iparraldeko latitudeetatik heltzen diren aire-masentzat; horrenbestez, fronte polarrek Nafarroako iparraldeko Kantauri aldeko ibarrei ez ezik ibar horien hegoaldean dauden eskualde batzuei ere eragiten diete.

Kontuan hartu beharreko beste alderdi bat mendien orientazioa da. Nafarroako mendilerro gehienek orientazio zonala dute, hau da, mendebaldetik ekialderakoa, eta ibar eta ibaiek iparraldetik hegoaldera zeharkatzen dituzte mendilerro horiek; beraz, iparraldetik eta ipar-mendebaldetik etortzen diren hodei-masa nagusiak, mendi horiekin talka egitean, gelditu egiten dira, gorantz jotzen dute, iparraldean prezipitazioak eragiten dituzte eta hegoaldera lehor heltzen dira

Erliebeari dagokionez, kontraste handiko bi eskualde nabarmentzen dira Nafarroan: Mendialdea eta Ebroren arroa. Lehenbizikoan sartzen dira Pirinioak, kantauriar isurialdea eta mediterraneokoa banatzen dituen mendikatea, eta tarteko arroak. Bigarrenean, berriz, Mendialdetik kanpoko mendilerroek (Kantabria-Kodes, Lokiz, Urbasa-Andia, Erreniega, Alaitz-Izko eta Leire) bereizten dutelarik, Nafarroako Erdialdea eta Erribera ditugu. Pirinioen eta banalerrotzat hartzen den katearen ezaugarri nagusia orografia gorabeheratsua da. Orografia horrek, era berean, aniztasun klimatiko handia dakar, eta Belate-Azpirotz banalerroak kliman duen eragin handia polikiago azaltzea komeni da. Banalerro horretako mendi gehienak mila metrotik beherakoak direnez, Asturiasen Kantabriar mendikatearen kasuan ez bezala, klima ozeaniko euritsutik klima mediterraneo lehorrerako aldaketa ez da bat-batekoa, mailakatua baizik; horrela tarteko ñabardura klimatiko ugari sortzen dira. Gainera, banalerroak pantailaren papera jokatzen du iparraldeko eta ipar-mendebaldeko euri fronteentzat.

Banalerro den mendikatetik Kantauri itsasoraino Nafarroako iparraldeko mendiak daude. Horien artean, koskarik garrantzitsuenak Bortzirietako eta Kintoko mendiguneak dira. Mendigune horiek kliman duten eragina garrantzitsua da, horiek baitira Kantauri itsasotik etortzen diren aire-masen aurka egiten duten lehenengo mendi-adarrak. Horrenbestez, benetako hezetasun-pantailak dira; itsasoko hodei-masek horien aurka talka egiten dute eta prezipitazio handiak eragiten dituzte mendi horien azpian dauden lekuetan, esate baterako Artikutzan.

Nafarroako ipar-ekialdean Pirinioak daude. Hor daude Nafarroako gailurrik altuenak. Erdialdeko Pirinioek, mendebalderago baitaude, Kantauri itsasoaren eragina jasaten dute. Ekialdeko Pirinioak, aldiz, garaiagoak dira eta itsasoaren eraginetik urrunago daude. Altitude handiak, orografia gorabeheratsuak eta maldek negu luze eta hotza eta uda laburra ekartzen dituzte. Erliebea konplexua eta zatikatua baita, aire-masei eragiten dieten fenomenoak gertatzen dira: geldialdiak, hainbat motatako esposizioak, inbertsio termikoak, haizeak preso gelditzea eta zurrunbiloak sortzea, leku batzuk eguzkitsuak eta beste batzuk ospelak izatea, eta abar.

Alde batean Pirinioak eta banalerroa ditugu, bestean kanpoaldeko mendilerroak, eta tartean hiru pasabide daude: Arakilgo korridorea eta Iruñeko eta Irunberri-Agoizko arroak. Mendien artean eta altu samar dauden eskualdeak dira. Horregatik, egoera antiziklonikoetan geldi geratzen diren aire-masak, haize barea dabilenean, berotu eta hoztu egiten dira urteko sasoi batean edo bestean. Halaber, pasabide horietan aire hotza metatzen da neguan batez ere, mendietako aire hotza arroetara jaisten baita. Horren ondorioz inbertsio termikoak gertatzen dira: lainoa sortzen da behealdean, eta zeru oskarbia aldiz gailurretan, Aralarko mendilerroan ateratako irudian ikusten den bezala:
Inbertsio termikoa Aralarreko mendilerroan
Arakilgo korridorearen eta tarteko arroen hegoaldean, etena sortzen dute Pirinio aurreko kanpoko mendilerroek, Mendialdea eta Ebroren arroa bereizten dituzten azken mendiek. Mendilerro hauek Nafarroako erdialdean zabaltzen dira, mendebaldetik ekialdera (Kantabria-Kodes, Lokiz-Urbasa-Andia, Erreniega-Alaitz-Izko eta Leire). Bestalde, azken pantaila klimatikoa sortzen dute, eta horregatik Iruñeko arroa Nafarroako Erdialdea deritzana baino euritsuagoa da.

Ebroren arroa esparru itxia da aire-masa hodeitsuentzat, eta horregatik, klimari dagokionez, ez da gainerako eskualdeak bezala. Klima kontinentalizatu eta lehorragoa izaten da, eta udan ekaitz-euriak agertzen dira, batzuetan kazkabarrarekin batera. Gainera, eskualdean ohikoa den ziertzok indar handia du.


:: gora ::


Kontaktua        Estekak        Lege abisua