Nafarroako meteorologia eta klimatologia
Köppenen sailkapen klimatikoa - Meteo Navarra

Köppenen sailkapen klimatikoa



Wladimir Köppen klimatologo alemanak 1884. urtean sortutako sailkapena da hau. Ondoren Rudolf Geiger-ekin batera, sailkapenaren berrikuspena egin zuten. Klima mota desberdinak hizki sorta batekin deskribatzen ditu, normalean hiru hizki izaten dira, tenperatura eta prezipitazioen arabera. Köppenen sailkapen klimatologikoa oso erabilia da, orokorra eta erraza baita.


Köppenen sailkapenaren araberako klima mota desberdinen deskribapen orokorra


Köppenen sailkapena jatorrizko landarediaren eta klimaren arteko harremanean oinarritzen da, klima desberdinen arteko mugak zehazteko jatorrizko landarediaren banaketa kontutan hartzen delarik. Klima desberdinak bereizteko urteko eta hilabeteko batez-besteko tenperatura eta prezipitazioak kontutan hartzen ditu, baita prezipitazioen urtarokotasuna ere.

Köppenen sailkapenak, munduko klimak bost multzo orokorretan banatzen ditu: tropikala, lehorra, epela, kontinentala eta polarra. Multzo bakoitza lehen hizki maiuskula batez izendatzen delarik. Aldiberean, multzo bakoitza azpimultzotan zatitzen du, eta azpimultzo bakoitza klima mota desberdinetan. Beraz, klima mota bakoitza 2 edo 3 hizkirekin definituta gelditzen da.

Hurrengo tauletan, klima multzo, azpimultzo eta klima mota desberdinak zehazteko prozedura deskribatzen da. Klima multzo orokor bakoitzeko taula bat erakusten da, multzo handi horrek barne hartzen dituen klima mota desberdinak, jatorrizko landaredia, eta munduko ze zonaldetan garatzen den zehaztuz.

A MULTZOA: KLIMA TROPIKALAK


Hilabete guztietan, batez-besteko tenperatura 18ºC-tatik gorakoa da, eta urtean metatutako prezipitazioak ebapotranspirazioa gailentzen du (beraz, ez da B klima multzokoa). Oihan tropikaletan ematen den klimak dira.

Bigarren hizkiak prezipitazioen banaketari erreferentzia egiten dio:

fEkuatoriala Hilabete guztietan prezipitazioa 60 mm-tik gorakoa da.
mMontzonikoa Hilabete batek behintzat 60 mm-tik beherako prezipitazioa du eta hilabete lehorrenaren prezipitazioa [100-(Urteko prezipitazioa/25)] formularen emaitza baino handiago da.
wSabana Hilabete batek behintzat 60 mm-tik beherako prezipitazioa du eta hilabete lehorrenaren prezipitazioa [100-(Urteko prezipitazioa/25)] formularen emaitza baino txikiagoa da.

A Multzoaren barne hurrengo klima motak bereizten dira:

A MULTZOAKLIMA TROPIKALAK
Hezeak, hilabete guztietan batez-besteko tenperatura 18ºC-tatik gorakoa
Af: Ekuatoriala Beroa eta euritsua urte guztian zehar, urtarorik gabekoa.

Oihan euritsuen klima mota da.
Ekuadorrean ematen da, 0º eta 10º latitudeen artean kokatzen da, 25ºko latitudea arte ekialdeko zenbait kostaldetan. Erdialdeko Amerikako zenbait zonaldetako, Amazonas eta Kongo ibaien arroetako edo India eta Asia hego-ekialdeko zenbait zonaldetako klima da.
Am: Montzonikoa Beroa urte osoan zehar, urtaro lehor motz batek eurite bizietako beste urtaro heze bati aurre egiten dio.

Oihan montzonikoen klima mota da.
Zonalde ekuatorial eta tropikalan ematen da.

Afrika tropikalaren mendebaldean eta batik bat Asiako hego-ekialdean garatzen den klima mota: Thailandia eta Indonesian, adibidez.
Aw: Sabana Beroa urte osoan zehar, eta urtaro lehorrarekin.

Sabanan ematen den klima mota da.
Ekuadorretik aldentzean agertzen hasten den klima mota da, Af klima zonaldea igaro ondoren.

Mexiko hegoaldean, Erdialdeko Amerikako alderdi batean, Kuban, Brasileko zonalde askotan, Afrika tropikalean eta Indiako leku gehienetan eta Australia iparraldean ematen den klima mota da.


B MULTZOA: KLIMA LEHORRAK


Klima multzo honetan urteko prezipitazioa ebapotranspirazio potentziala baino baxuagoa da. Basamortu eta estepetako klima mota da.

Klima bat lehorra den jakiteko, prezipitazio atalase bat finkatzen dugu mm-tan: atalasea kalkulatzeko, urteko batez-besteko tenperatura 20 aldiz biderkatzen da. Ondoren hiru kasu eman daitezke: Lehenengo kasuan, prezipitazioaren %70 edo gehiago eguzkia altuen dagoen seihilabetekoan botatzen badu (apiriletik irailera ipar-hemisferioan, urritik martxora hego-hemisferioan) 280 gehituko zaio. Bigarren kasuan, seihilabeteko horretan prezipitazioaren %30 eta %70 artean botatzen badu, 140 gehituko zaio, eta hirugarren kasuan seihilabeteko horretan prezipitazioaren %30 baino gutxiago botatzen badu, 0 gehituko zaio.

Urteko prezipitazio guztia atalase hori baino altuagoa bada, ez da B Multzoko klima.

Bigarren hizkiak idortasun maila adierazten du:

sEstepako klimaUrteko prezipitazio guztia atalasea baino txikiagoa da, baina atalase horren erdia baino handiago.
wBasamortukoa Urteko prezipitazio guztia atalasearen erdia baino txikiagoa da.

Hirugarren hizki batek tenperaturen banaketari erreferentzia egiten dio:

hBeroaUrteko batez-besteko tenperatura 18ºC baino altuagoa da.
kHotzaUrteko batez-besteko tenperatura 18ºC baino baxuagoa da.

B Multzoaren barne hurrengo klima motak bereizten dira:

B MULTZOAKLIMA LEHORRAK
Urteko prezipitazioak ebapotranspirazio potentziala baino baxuagoak dira
Bsh: Estepako klima beroa Negu epelak eta uda bero edo oso beroak. Prezipitazioak urriak izaten dira.

Estepako jatorrizko landaredi mota da.
Tropiko eta subtropikoetan ematen da, basamortu subtropikalen mugetan.

Iberiar penintsulako hego-ekialdeko ertzean, Maroko, Kalahari eta Kalifornia hegoaldeko kostaldean, Australiako barnealdeko zonaldeak.
Bsk: Estepako klima hotza Negu hotzak edo oso hotzak dira, eta uda epelak edo beroak izan daitezke. Prezipitazioak urriak izaten dira.

Estepako jatorrizko landaredi mota da.
Leku epeletan kokatzen ohi da, itsasotik urrun.

Ipar Amerika barnealdeko, Ebro arro barnealdeko, Iran barnealdeko, Asia barnealdeko estepako eta Mongolia eta Txina barnealdeko klima mota da.
Bwh: Basamortuko klima beroa Negu epelak dira, baina barnealdeko zonaldetan gauez tenperaturak 0ºC-tara hurbildu daitezke. Uda beroak edo oso beroak dira. Zenbait lekutan udan bero samina egiten du, munduko tenperatura maximoak eman direlarik. Prezipitazioak oso urriak dira.

Basamortuko landaredia garatzen da edo landaredi eza.
Bi hemisferioetako zerro subtropikaletan ematen da.

Estatu Batuetako hego-mendebaldeko basamortuak, Mexikoko ipar-mendebaldea, Sahara, Somalia eta Etiopiako ekialdea, Arabiar penintsulako basarmotua, Asiako hego-mendebaldea, Peruko kostaldea eta Txileko iparraldea, Namibeko basamortua eta Australia erdialdeko basamortuak.
Bwk: Basamortuko klima hotza Negu oso hotzak dira eta uda epelak edo beroak. Prezipitazioak oso urriak dira.

Basamortu edo estepako landaredia da edo landaredi eza.
Latitude epeletan topatzen da.

Patagonia argentinarrean, Estatu Batuetako mendebaldeko basamortuetan edo Asiako barnealdekoetan.


C MULTZOA: KLIMA EPELAK


Ez dira B Multzoko klimak. Hilabete hotzenaren batez-besteko tenperatura -3ºC (0ºC zenbait sailkapenetan) eta 18ºC artean dago, eta hilabete beroenarenak 10ºC-ak gainditzen ditu. Klima multzo honen zonaldetan baso epelak garatzen dira.

Bigarren hizkiak prezipitazioen banaketa adierazten du:

sUda lehorraUda lehorra da, prezipitazio minimo bat duelarik: udako hilabeterik lehorrenaren prezipitazioa hilabete hezeenaren prezipitazioaren herena baino txikiagoa da, eta hilabeteren batek 30 mm-ko prezipitazioa baino txikiagoa du.
wNegu lehorraNegua lehorra da, prezipitazio minimo bat duelarik: neguko hilabeterik lehorrenaren prezipitazioa hilabete hezeenaren prezipitazioaren hamarrena baino txikiagoa da.
fHezea Ez da ez s ez w. Prezipitazio konstanteak urtean zehar, urtaro lehorrik gabe.

Hirugarren hizki batek udako tenperaturen portaera adierazten du:

aSubtropikalaUda beroa da, hilabete beroenaren batez-besteko tenperatura 22ºC-tik gorakoa baita. Batez-besteko tenperatura 10ºC-tik gorakoa da gutxienez urteko lau hilabetetan.
bEpelaUda freskoa da, hilabete beroenaren batez-besteko tenperatura 22ºC-tik beherakoa baita. Batez-besteko tenperatura 10ºC-tik gorakoa da gutxienez urteko lau hilabetetan.
cHotzaUda hotza da. Batez-besteko tenperatura 10ºC-tik gorakoa da 4 hilabete baino gutxiagotan.

C Multzoaren barne hurrengo klima motak bereizten dira:

C MULTZOA KLIMA EPELAK
Hezea, hilabete hotzenaren batez-besteko tenperatura -3ºC (edo 0ºC) eta 18ºC artean, eta hilabete beroenaren batez-besteko tenperatura 10ºC baino altuagoa
Cfb: Mendebaldar kostaldeko itsasaldekoa (Ozeanikoa) Negu hotz edo epelak, eta uda freskoak. Prezipitazioak ongi banatzen dira urte guztian zehar.

Jatorrizko landaredia hosto-zabalen familiako basoak dira.
Kontinenteen mendebaldar kostaldean garatzen da, 45º eta 55º latitudeen artean, normalean klima mediterraneoari jarraipena ematen dio.

Europako kostalde atlantikoko klima da, Norvegiako hegoaldetik iberiar penintsulako iparraldea arte doana, Estatu Batuetako ipar-mendebaldeko kostaldekoa, Txileko hegoaldekoa, Zeelanda Berrikoa.
Cfc: Itsasaldeko subartikoa (Ozeaniko hotza) Negu hotzak eta benetazko udarik gabekoa. Euriak urte osoan zehar.

Zenbait zonaldetan haize bortitzek landaredia urritzen dute.
Cfb klimari jarraipena ematen dio, Poloetara hurbiltzen garen heinean.

Islandiako kostaldean, Norvegiako ipar-mendebaldeko kostaldean edo Argentina eta Txileko hego muturrean ematen den klima mota da.
Csa: Mediterraneoa Negu epelak eta uda bero eta lehorrak. Prezipitazioen gehiengoa neguan edo tarteko urtaroetan ematen dira.

Jatorrizko landaredia baso mediterraneoa da.
Kontinenteen mendebaldar kostaldean ematen da, 30º eta 40º latitudeen artean, Europaren kasuan 45º latitudea arte.

Iberiar penintsulako eremu gehiengoaren klima da kantauri isurialdea eta ipar-mendebaldea izan ezik, Mediterraneo kostaldeko eremu gehiengoarena, Kalifornia barnealdeko zonalde batzuena baita Australia hego-mendebaldeko beste batzuena ere.
Csb: Mediterraneoa, uda freskoekin Negu hotz edo epelak eta uda lehor eta freskoak. Prezipitazioen gehiengoa neguan edo tarteko urtaroetan ematen dira.

Jatorrizko landaredia baso mediterraneoa da.
Csa klima ematen den latitude berdinetan agertzen da.

Txile erdialdeko, Kalifornia erdialde kostaldeko, Hegoafrikako lurmutur zonaldeko, eta iberiar penintsula barnealdeko leku altuetako (900-1000 metrotatik gorakoa) klima da.
Cfa: Subtropikal hezea edo txinatarra Negu hotz edo epelak eta uda heze eta beroak. Euria ongi banatzen da urte osoan zehar.

Iraunkorki berde mantentzen den basoetan, edo baso epeletan ematen da.
Klima mota hauek kontinenteen barnealde eta ekialdeko kostaldean ematen dira, 20º eta 30º latitudeen artean (48º latitudea arte Europaren kasuan).

Estatu Batuetako hego-ekialdeko, Txina hego-ekialdeko, Japon erdialde eta hegoaldeko, Argentina ipar kostaldeko, Uruguai, Hegoafrikako errepublikaren hego-ekialdeko eta Australia ekialdeko klima da. Europan klima ozeanikoaren mugan agertzen da, itsasoraino dagoen distantziak uda beroak izaten uzten hasten denean.
Cwa: Subtropikala negu lehorrekin Negu hotz edo epelak eta uda beroak. Urtaro lehorra neguan ematen da.

Baso epelen klima mota da.
Klima mota hau kontinenteen barnealde eta ekialdeko kostaldean ematen dira, 20º eta 30º latitudeen artean.

Asiako ekialdean (Txinako barnealdean), Afrikako barnealdean (Zambian, Angolako zonalde batzuetan) eta Hego Amerikako barnealdean.
Cwb: Epela, negu lehorrekin Negu hotz edo epelak eta uda freskoak. Uda euritsuak dira eta negu lehorrak. Tropikoetako zonalde altuetan ematen da.

Mexiko, Angola eta Etiopiako goi-lautadetan, Peru, Ekuador eta Kolonbiako Andeetan baita Argentinako barnealdean ere.


D MULTZOA: KLIMA KONTINENTALAK (NEGU OSO HOTZETAKOAK)


Hilabete hotzenaren batez-besteko tenperatura -3ºC (edo 0ºC) baino baxuagoa da eta hilabete beroenarena 10 ºC-tik gorakoa da. Tenperatura-bitarte handiko klimak dira (tenperatura minimo eta maximoen arteko diferentzia handia da).

Klima mota hauetan tarteko urtaroak, udazken eta udaberria, oso motzak izateko joera dute. Prezipitazioak ebapotranspirazioa gailentzen du. Klima mota hauetan baso mikrotermikoak garatzen dira. Ez dira hego-hemisferioan ematen, bertan ez baita azalera handiko kontinenterik topatzen, latitude altuetan. Bigarren eta hirugarren hizkiek C Multzoan duten esanahi berdina dute. Hirugarren hizkiaren kasuan beste mota bat gehitzen da:

dNegua behe-mutur tenperaturekin Hiru hilabetez edo gutxiagoz, batez-besteko tenperatura 10ºC-tik gora dago eta hilabete hotzenaren batez-besteko tenperatura -38ºC baino baxuagoa da.

D Multzoaren barne hurrengo klima motak bereizten dira:

D MULTZOA KLIMA KONTINENTALAK EDO NEGU OSO HOTZETAKOAK
Hezea, hilabete hotzenaren batez-besteko tenperatura -3ºC (edo 0ºC) baino baxuagoa da eta hilabete beroenarena 10ºC-tik gorakoa.
Dfa, Dwa, Dsa: Klima kontinentalak, uda beroekin Negu oso hotz eta elurtuak, uda beroak.

Jatorrizko landaredia hosto erorkorreko basoak dira.
Kontinenteen barnealde eta ekialdeko kostaldean ematen dira. Dfa eta Dwa 30º eta 40º latitudeen artean kokatzen dira (Dwa Asia ekialdean bakarrik, eta hegoalderago zabaltzen da). Dsa barnealdean ematen da, latitude txikiagoetan, zonalde altuetan.

Klima hauek Estatu Batuetako ipar-ekialdean, Errusia europearraren hegoaldean, Txinako ipar-ekialdean, Koreako penintsulan eta Japoniako iparraldean ematen dira.
Dfb, Dwb, Dsb: Klima kontinentalak, uda freskoekin Negu oso hotz eta elurtuak eta uda freskoak.

Jatorrizko landaredia koniferek eta hostozabalek osatutako basoa da.
Dfb eta Dwb aurreko taldearen iparraldean ematen dira, 40º eta 50º latitudeen artean: Kanadako ekialdean, Estatu Batuetako ipar-ekialde ertzan eta Japoniako ipar muturran adibidez. Europako erdialde eta ekialdean eta Errusiako barnealdean ematen dira ere.

Dsb Dsa ematen den zonalde antzekoetan agertzen da, baina kota altuagoetan edo latitude handiagoetan.
Dfc, Dwc: Kontinental subartiko edo boreala Negu oso hotz eta luzeak, elurteekin, eta uda hotz eta oso motzak.

Taiga edo konifera baso hotzen klima mota da.
50º eta 60º ipar latitude artean ematen da, 70º latituderaino zenbait tokitan.

Kanada hegoaldeko (Ozeano Bareko kostaldean izan ezik), Alaska eta Eskandinavia penintsula gehiengoko (hegoaldea eta hego-mendebaldea izan ezik) klima da. Baita Errusia europearraren iparraldekoa eta Siberia gehiengokoarena, bertan estepako klima hotz eta tundra arteko zerro batetan gauzatzen delarik.
Dfd, Dwd: Klima kontinental subartikoak, negua behe-mutur tenperaturekin Negu bereziki hotzak, muturreko tenperaturekin (ipar hemisferioko negu hotzenak), bederatzi hilabetez luzatu daitezkenak. Maiatzan udaran sartzeko eta irailan udaratik irteteko trantsizio azkar bat egiten da. Uda oso motza da, baina beroa urte guztiko tenperaturekin alderatuz. 50º eta 70º ipar latitude artean ematen da gutxi gora behera.

Klima mota hauek Siberiako ipar-ekialdeako barnealdean besterik ez dira ematen.


E MULTZOA: KLIMA POLARRAK


Hilabete guztien batez-besteko tenperaturak 10ºC-tik beherakoak dira. Klima lehorrak eta iraunkorki hotzak dira.

E Multzoaren barne hurrengo klima motak bereizten dira:

E MULTZOA KLIMA POLARRAK
Hilabete guztien batez-besteko tenperaturak 10ºC-tik beherakoak
Et: Tundra Hilabete beroenaren batez-besteko tenperatura 0ºC eta 10ºC artean dago.

Batez-besteko tenperatura 0ºC-tik gora igotzen denean goroldio eta belarren bat ernetzen da.
Ipar Amerika eta Eurasiako ipar muturrean ematen da, eta ondoko irletan, eta Taigaren ipar mugatik gora hasten da.
Ef: Betiereko izotzen klima Hilabete beroenaren batez-besteko tenperatura 0ºC-tik beherakoa da. Ez da inongo landaredirik garatzen. Izotz iraunkorren klima da. Antartika, Groenlandia barnealdeko eta Himalaia goialdeko klima mota da.


H MULTZOA: LURRALDE GARAIEN KLIMAK


Klima multzo hau ez zen Köppenen jatorrizko sailkapenean agertzen. Ondoren ezarri zen leku garaien klima motak barne hartzeko. Klima mota hauek ez ziren beste multzoei egokitzen, altuerak eragina baitu lekuan-lekuko klimetan. Mendilerro handietan ematen dira: Andeak, Rocky Mountains, Himalaia eta Tibet.


Klimen banaketa latitudearen arabera


Lurra bost zonaldetan bana daiteke latitudearen arabera: zonalde tropikal bat, bi zonalde epel eta bi zonalde polar. Aldi berean, zonalde epela bitan bana daiteke, zonalde subtropikala tropikoari jarraipena emanez eta latitude ertainetako zonaldea. Oro har, Lurreko klimak horrela banatzen dira zonaldeen arabera:

Nafarroan ematen diren klima moten deskribapena


Nafarroan klima ozeaniko eta klima mediterraneoaren arteko trantsizioa gutxinaka ematen da, bi zonalde klimatikoak bereizten dituzten mendiak altuera gutxikoak baitira. Horren ondorioz, trantsizioko klima ugari agertzen dira. Sakonago deskribatzeko, Cfb klimen kasuan zenbaki bat gehitu dugu bigarren hizkia ondoren, prezipitazioen banaketa deskribatzen duena. Zenbaki honek hilabete lehor kopurua adierazten du. Hilabete lehortzat 2t > p betetzen duena hartzen dugu, t batez-besteko tenperatura eta p hilabetean metatutako prezipitazioa delarik. Zenbakirik agertzen ez bada, ez dago hilabete lehorrik.

Klima bat mediterraneoa den erabakitzeko, Nafarroako kasuan estazio batzuk ez dute betetzen udako hilabete lehorrenaren prezipitazioa hilabete hezeenaren prezipitazioaren herena baino txikiagoa izatea, hala ere udako lehortea bi hilabetekoa baino luzeagoa da eta landaredia eta laborantzak klima mediterraneokoekin bat etortzen dira. Hau dela eta, Frantziako hegoaldeko klimari buruzko zenbait ikerketetan bezala, klima bat Cs den erabakitzeko hilabete lehorrenak 30 mm baino gutxiago izatea kontutan hartzen da.

Klima mota bakoitzeko landaredi potentziala azaltzen da. Zenbait aldiz, Nafarroako hegoaldean batez ere, ez da landaredi hori garatzen, laborantza edo beste zuhaitz motekin birbasoketa egin delako.

Köppenen sailkapenaren arabera Nafarroan hurrengo klima motak aurkitzen ditugu:
C Multzoa, Klima epelak:
Cfb: Mendebaldar kostaldeko itsasaldekoa (ozeanikoa)
Cf2b: Mendebaldar kostaldeko itsasaldekoa (Bi hilabete 2t<p)
Csb: Mediterraneoa, uda freskoekin
Cfa: Subtropikal hezea
Csa: Mediterraneoa

B Multzoa, Klima lehorrak:
Bsk: Estepako klima hotza

D Multzoa, Klima kontinentalak:
Dfb: Klima kontinentala uda freskoekin

C MULTZOA KLIMA EPELAK
Hezea, hilabete hotzenaren batez-besteko tenperatura -3ºC (edo 0ºC) eta 18ºC artean, eta hilabete beroenaren batez-besteko tenperatura 10ºC baino altuagoa
Cfb: Mendebaldar kostaldeko itsasaldekoa edo Ozeanikoa Klima epela da, uda freskoekin, prezipitazio ugariak eta urte guztian zehar banatuak, baina Nafarroan prezipitazioen murrizketa nabari bat somatzen da udan. Ez dago hilabete lehorrik.
Jatorrizko landaredia baso epela da: zonalde beroenetatik hotzeetaraino, altitudea handitzen den heinean haritz kandudun (Quercus robur) eta haritz kandugabeak (Quercus petraea), pagoak (Fagus sylvatica) eta izeiak (Abies alba) topatzen ditugu hurrenez hurren.
Nafarroako iparraldean ematen da: Kantauriar isurialdea, Arakil ibaiaren haranean, Urbasa, Iruñeako arroaren iparraldean eta Pirinio aldean.
Cf2b: Mendebaldar kostaldeko itsasaldekoa edo Ozeanikoa Klima epela, uda fresko eta prezipitazio ugariekin, baina bi hilabete lehorrekin (2*t > p).

Ametz ilaundunez osatutako basoak garatzen dira (Quercus pubescens).
Iruñerrian eta Erreniega, Alaitz eta Izko mendilerroetan ematen da, baita Agoitz-Ilunberriko arroen iparraldean eta Pirinio ibarretako behe zatian.
Csb: Mediterraneoa, uda freskoekin Klima epela, uda lehor eta freskoekin. Prezipitazio aldetik klima mediterraneoa da, baina tenperatura baxuagoekin. Kasu gehienetan Cfb eta Csa arteko trantsizio bezala agertzen da, eta bestetan Csa-ren zonalde berdinetan, baina altitudearen ondorioz tenperaturak baxu mantentzen direnean.

Jatorrizko landaredia baso submediterraneoa da: erkametz (Quercus faginea) eta karrakez (Quercus rotundifolia) osatutako basoa.
Cf2b-ren hegoaldeko zerro batetan ematen da: Kodesko mendilerroan, Lizarra inguruetan eta Uxueko mendilerroan.
Cfa: Subtropikal hezea Klima epel hezea, uda beroekin. Nafarroan Cf2b-ren mugan topatzen da, itsasoraino dagoen distantziak uda beroak izatera laguntzen duenean.

Jatorrizko landaredia baso submediterraneoa da: erkametz (Quercus faginea) eta karraskez (Quercus rotundifolia) osatutako basoa.
Nafarroako Erdialdearen ekialdean ematen da, Irunberriko arroaren hegoaldean, Esaraino, baita Oibargo inguruetan ere.
Csa: Mediterraneoa Klima epela, uda lehor eta beroekin. Prezipitazioen murrizketa nabari bat somatzen da udan. Klima mediterraneoren adibide garbia da.

Jatorrizko landaredia baso mediterraneoa da: karrakez (Quercus rotundifolia) osatutako basoa..
Csb eta Cfa-ren hegoaldean agertzen da. Viana, Gares eta Oibar iparraldeko muga bezala eta gutxi gorabehera Villafranca hegoaldeko mugan.


B MULTZOAKLIMA LEHORRAK
Urteko prezipitazioak ebapotranspirazio potentziala baino baxuago
Bsk: Estepako klima hotza Prezipitazio urriak urte osoan zehar. Udan ez da prezipitazioren murrizketa nabari bat somatzen, prezipitazio urriak dira urte osoan. Urteko batez-besteko tenperatura 18ºC baino baxuagoa da.

Jatorrizko landaredia sastrakak dira (abaritza Quercus coccifera, ezkaia Thymus vulgaris, erromeroa Rosmarinus officinalis) eta Alepo pinuz osatutako pinudiak (Pinus halepensis).
Klima hau Erriberan ematen da, Ebroko ibarran Andosillatik aurrera.


D MULTZOA KLIMA KONTINENTALAK EDO NEGU OSO HOTZETAKOAK
Hezea, hilabete hotzenaren batez-besteko tenperatura -3ºC (edo 0ºC) baino baxuagoa da eta hilabete beroenarena 10ºC-tik gorakoa.
Dfb: Klima kontinentala, uda freskoekin Basoko klima hotza, prezipitazio ugariekin, elur moduan neguan. Piriniotako kota altuenetan eman liteke, oso negu hotz eta elurtuak ematen diren lekuetan, hilabete hotzenaren batez-besteko tenperatura adierazten diren baloreetatik jeisten badira. Bestela Cfb bat izango litzateke.

Jatorrizko landaredia goi mendiko baso mota da, pinu beltzekin (Pinus uncinata) eta larredi alpinoak.
Klima mota hau Larran eman liteke eta Hiru Erregeen Mahaian.
:: gora ::


Kontaktua        Estekak        Lege abisua