Nafarroako meteorologia eta klimatologia
Erradiazio ultramorea - Meteo Navarra

Erradiazio ultramorea


Gure begiek eguzkiak igortzen duen erradiazio elektromagnetikoaren zati bat besterik ez dute nabaritzen, espektro ikusgarria deritzona, 400nm eta 700nm arteko uhin-luzeran dagoena. Hala ere, eguzkiak energia luzera anitzetako uhin sorta zabalean igortzen du. Erradiazio horren zati bat erradiazio ultramorea da.


Erradiazio ultramorea, ikusgai erradiazioa baino uhin-luzera motzagoko erradiazio elektromagnetikoa da, baina X izpiak baino luzeagoa. Eguzkiak igortzen duen energiaren %5 erradiazio ultramore moduan egiten du. Izaki bizidunentzat kaltegarria izan daitekeenez, aire zabalean garatzen diren jardueretarako igorritako era horretako erradiazio maila kontrolatzea garrantzizkoa da.

Gizakiari dagokionez adibidez, izpi ultramoreek larru azalaren brontzeztadura eragiten dute, baina dosi handietan, begi-patologiak eragin ditzakete baita larruan kalte anitzak ere, zahartze aurreratuak, zimurrak, erredurak eta azaleko minbiziak ere. Berez brontzeztadura (esan melanina ekoizpena), azalak UV erradiazioaren eragin kaltegarrien aurka duen babes naturalaren erreakzioa da.

Ozono estratosferikoak ultramore (UV) erradiazio izpien iragazki lana egiten du. Baina azken urteetan ozonoaren gutxitzea dela eta erradiazio ultramorearen (UV) gain-esposizio arriskua handitu egin da.

Erradiazio ultramorearen indizea edo UVI-a eguerdian eta zeru oskarbiarekin, zenbat erradiazio ultramore kaltegarri heldu daiteken kalkulatutako iragarpen bat da. Non eragina duten lekuaren latitudeak, urteko egunak, atmosfera zutabearen ozono kopuruak, itsas mailarekiko lekuaren elebazioak eta atmosferaren uhertasunak.

Unean uneko UVI indizea lortzeko zunda bereziak ere badira. Kasu honetan eguneko orduek eta zundaren gaineko hodei estaldurek honek neurtuko duen neurrian eragina dute.

Indize honek azala eta ile koloreen arabera sailkatutako lau pertsona motek, eguzkipean egon daitezkeen gehienezko denbora jakinarazten du.

Nola kalkulatzen da UV indizea

Izaki biziengan dituzten eraginak oso ezberdinak direlako ultramore uhin tartearen barruan hiru eremu bereizten dira, A, B eta C motak, energia gutxiagotik gehiagora.

UV-A erradiazioa:   A motako erradiazioa (UV-A) espektro ikusgarriarekiko gertuen dago, 400nm eta 320nm arteko uhin-luzerak barne hartzen ditu eta hiruen artean uhin-luzera handiena duena da. Azalaren brontzeztadura eragiten duena da. Atmosferak oso gutxi xurgatzen du. Energia gutxikoa denez gainontzeko UV-ak baino arrisku gutxiago du, dena dela denbora aurretik azala zahartzea eragin dezake.
 
UV-B erradiazioa:   B motako erradiazioa (UV-B) ultramore espektroaren erdikoa da, λ 320nm eta 280 nm arteko uhin-luzeren artekoa. Ozonoak partzialki xurgatzen du eta hartutako dosiaren handitze txiki batek begietan eta azalean kalteak eragin ditzake, eguzki eritemak (azalaren gorriarazteak), garrantzi txikikoetatik larriak izatera heldu daitezkeelarik. Erradiazio honi urtetako gehiegizko esposizioak, denboraz aurreko larru azalaren zahartzea eta baita azaleko minbiziak ere eragin ditzake.
 
UV-C erradiazioa:   C motako erradiazioa (UV-C) hiruen artean energia gehien duena da, baita kaltegarriena ere, baina atmosferako ozonoaren eraginari esker ez da lur azalera heltzen. λ 280nm eta 200 nm arteko uhin-luzerak barne hartzen ditu.

Beraz izakiengan eragina duen ultramore tartea 280nm (luzera txikiagoko uhinak atmosferak xurgatzen ditu) eta 400nm (espektro ikusgarriaren muga) uhin-luzeren artekoa da.

Irradiantzia eritemikoa:

Eritema, eguzkiak eragindako larruaren gorritzea da. Irradiantzia eritemikoak eguzki erradiazioaren eragin eritemikoak adierazten ditu. Beronek kontuan ditu bai eguzkiak lurrean igorritako erradiazioaren kurba espektrala (280 eta 400nm uhin-luzera artekoa) eta baita larru azalak berau erasotzen duen UV erradiazioari dion erantzuna.

Erantzun hau ekintza eritemiko koefiziente batez modulatuta dago ε(λ), McKinlay eta Diffey-k ezarria. Grafikoan ikus daitekeenez, 280nm-tik (0,280µm) aurrera maximoa da eta uhin-luzera handitzen doan heinean txikitzen joaten da:
Ekintza eritemikoko espektroa, erradiazio ultramoreak izaki bizidunengan dituen eraginak adierazten dituen kurba da, ondorioz, irudikatutako magnitudeak ez du unitate fisikorik. Eraginkortasun unitatea bezala 300nm (0,300µm) balorean ematen dena hartzen da, non esparru horretan erradiazio ultramorearen gaitasun eritematikoak eragin handiena duen.

Erradiazioaren gaitasun eritematiko totala edo irradiantzia eritemikoa, irradiantzia espektral osoaren integrala ekintza eritemiko koefizienteaz haztatuta kalkulatzen da:

Eeritem = ∫ I (λ) * ε(λ) dλ


non Eeritem, irradiantzia eritemikoa den, I(λ) eguzki irradiantzia globala λ uhin-luzerara eta lur zoru gainean, eta ε(λ) ekintza eritemiko koefizientea.

Ultramore indizea UVI-a dimentsiorik gabeko parametroa da eta irradiantzia eritemikoa ker koefizienteaz biderkatuz kalkulatzen da:

UVI = ker * ∫ I (λ) * ε(λ) dλ


non I(λ) eguzki irradiantzia globala λ uhin-luzerara den, W/m2-etan adierazia, ε(λ) ekintza eritemiko koefizientea eta ker koefizientearen balorea 40m 2/W.

Integralaren beheko muga 290nm (0,290µm) da, beronen azpiko erradiazioak lurraren zorura heldu aurretik atmosferak xurgatzen baitute eta goi muga 400nm (0,400µm), espektro ikusgarriaren eta UV-A arteko uhin luzera muga egiten du.



Kontaktua        Estekak        Lege abisua