Castellano          Euskara
  NAFARROA     ZERBITZUAK     GAIAK     GOBERNUA     AKTUALITATEA
Nafarroako meteorologia
eta klimatologia
  Klimatologia:  
Sekzioaren mapa
Nafarroako geologia - Meteo Navarra

Nafarroako geologia


Nafarroak erliebea bezain anitza du geologia; era berean egitura geologikoak baldintzatzen du. Aro geologiko guztiak ageri dira, Ordoviziarretik hasi eta gaur egunera arte. Litologiaren ikuspegitik, mota askotako aleak daude, batez ere sedimentazio harriei dagokienez. Harri igneoak eta metamorfikoak ere franko daude.

Kontuan hartuz Pirinioen eta Kantabriar mendikatearen artean dagoela, eta hegoaldea ia osorik Ebroko mendigunearen gainean pausatzen dela, Iberiar sistemaren ertzeraino heltzen delarik, Nafarroak oso egitura anitza du, unitate horietako bakoitzaren ezaugarriak biltzen dituelako. Aurrekoa kontutan izanik, lurraldea bost zatitan bana daiteke, haietako bakoitzean aurkitzen baitugu egitura aldetik nolabaiteko batasuna eta antzeko historia geologikoa. Hona hemen zati edo eskualde horiek:
  • Pirinioaldea.
  • Eskualde euskal-kantabriarra.
  • Trantsizioko eskualdea, aurreko bien artean dagoena, Pirinioen mendebaldeko muturra barnean harturik.
  • Ebroko mendigunea; bertan Fiteroaldea -Iberiar sistemakoa- sartzen da.
  • Mendigune paleozoikoak.

Pirinioaldeak barnean hartzen du Nafarroako ipar-ekialdea, Aragoi Garaiko atalasearen eragin handia duena. Piriniar estilo tektonikoa du, hegoalderantz lerratzen diren egitura luzeekin. Azaleratzen diren lurrak aloktonoak dira.

Zokalo paleozoiko tolestuaren gainean, badira konglomeratuak eta Permotriasikoko hareharri gorrixkak, silizeoak. Hiato bat dago Goi Kretazeoraino, eta hiato horretatik aurrera sedimentatutako kareharrizko materialak, Larra aldean azaleratzen direnak. Material horiek eremu zabala hartzen dute, eta karstifikazio prozesu bizia jasan dute. Agertzen diren gainerako materialak Tertziarioaren lehen erdikoak dira, itsas jatorrikoak. Ugariak dira metaketa turbiditikoak flysch aurrealdeetan.

Larrako karsta

Multzo honek guztiak unitate aloktonoa osatzen du, hegoaldera lerratzen diren ESE-WNW norabideko egiturekin. Egitura horietako asko Aragoiraino luzatzen dira. Unitatea hegoalderantz irristatu izanaren ondorioz, iparraldeko muturrean tolestura irauliak, zamalkadurak eta tolestura asimetrikoak sortu dira, baina hegoalderantz jo ahala fenomeno horiek arinagoak dira; gerora, bortitzagoak dira berriro Idokorri eta Illon mendilerroetan eta unitatearen aurrealdea osatzen duen Leire mendilerroan.

Eskualde euskal-kantabriarrak probintziaren ipar-mendebaldea hartzen du. Ekialdeko muga Lizarratik Elizondora doan gorabehera handi bat da, diapiroz josia. Hegoaldean Biaizpe eta Kantabria mendilerroak ditu, eta iparraldean Aiako mendiguneak zedarritzen du. Tektonikoki euskal-kantabriarra da, eta bere baitan Euskal Arkuko hainbat unitate ditu, zeinak, eskualde honetan, ekialde-mendebalde norabidean kokatutako egiturak baitira.

Estratigrafia aurreko eskualdekoa baino askoz konplexuagoa da. Jalkiera-arroen kokalekua aldatu egin zen Goi Jurasikotik hasita, eta hortik aurrera etengabeko bilakaeran egon da. Triasikoari dagokionez, eskualde honetan azaleratzen diren lurrik zaharrenak Muschenkalkeko kareharri dolomitikoak dira, eta horien atzetik Keuperreko gatzak eta igeltsu-tuparriak. Azken horiek, beren plastikotasun handiaren eta dentsitate txikiaren ondorioz, hainbat diapiro sortu zituzten (Lizarra, Lorka, Jaitz, Olloibar, Anotz) eta ikuspuntu tektonikotik garrantzitsuak diren hausturetan zehar azaleratu ziren.

Jurasikoan eta Kretazeoan, hurrenez hurren, dolomiak, hareharriak eta tuparriak metatu ziren. Garai horretako metaketarik garrantzitsuenak Urgondar multzoko uharri eraikinak dira, 2.000 m-ra bitarteko lodiera dutenak. Paleozenoko aztarnak Urbasa eta Andia mendilerroetan besterik ez dira geratzen: kalkarenitak, konglomeratuak, tuparriak eta kareharriak, Leire mendilerroan bezalatsu. Unitate honen hegoaldeko mugan Ebroko sakonunearen eta Errioxako sakonunearen gaineko zamalkadura-frontea dugu, azalean Kantabria eta Kodes mendilerroak emanarazten dituena.

Urbasa mendilerroa

Trantsizioko eskualdea aurreko bien artean dago: mendebaldeko muga argi eta garbi definitzen du Lizarra-Elizondoko gorabeherak, baina ekialdetik apurka igarotzen da piriniar eskualdera, eta horregatik zaila da muga zehatza jartzea; egotekotan, Orbaizeta eta Irunberri lotzen dituen lerroan egonen litzateke gutxi gorabehera. Piriniar eskualdeko egitura jarraituek kurbadurak dituzte hego-mendebaldetik ipar-ekialdera edo ipar-mendebaldetik hego-ekialdera, eta horien ondorioz itxitura periklinalak, kubetak, eta abar sortzen dira. Eremu osoa aloktonoa da, hegoalderantz lerratua.

Estratigrafiak aurreko bi eskualdeen arteko trantsizioa erakusten du. Diferentziarik handiena Priaboniar garaitik aurrera gertatu zen; garai hartan Iruñetik hegoaldera anhidrita eta gatz sodiko eta potasikoak metatu ziren. Gerora metaketa horiek ustiatu egin ziren. Oligozenoa itsasertzeko hareharriekin hasi zen, eta horien atzetik mendebaldean (Erreniega mendilerroa) aintziretako metaketak etorri ziren igeltsu eta tuparriekin; Alaitz mendilerroaren ekialdean, berriz, ibaietako metaketak egon ziren. Oligozenoaren amaiera aldean eta Miozenoaren hasieran aurreko lurrekin bat ez zetozen konglomeratuak metatu ziren (Erreniega mendilerroa, Itzaga mendia) eta horien ondotik ibaietako serie mardula dator; ekarpenak jada iparraldekoak dira. Kuaternarioa Irunberriko eta Iruñeko arroetan agertzen da; leku horietan glaziak eta terraza klimatikoak daude.

Ebroko mendiguneak, zeina Tertziario kontinentalak estali baitzuen, aurreko unitateen zamalkadura du iparraldetik, eta Iberiar mendigunearena hego-mendebaldetik. Iparraldea mugimendu alpetarren mendean egon da, eta gainerako aldeetan tolestura halozinetikoak besterik ez dira ageri. Estratigrafia aldetik lur hauek datatzea zaila da, fosil gutxi dagoelako.

Bardeako tontor higatuak

Oligozenoan eskualde osoa aintzira handi batek estali zuen. Kuaternariora arte iraun zuen aintzira horretan hainbat material metatu zen. Metaketak lodiera handikoak dira subsidentzia handiaren ondorioz, eta denboran zehar beren izaera aldatu egin zen. Buztin, tuparri eta igeltsuekin hasi zen; gerora, Miozenora igarotzean eta Pirinioak altxatzearen ondorioz aurrekoekin bat ez zetozen konglomeratu metaketak sortu ziren eskualdearen iparraldeko ertzean; gainerakoan, berriz, tuparri eta igeltsuek metatzen jarraitu zuten. Miozenoan antzeko egoera izan zen, baina kasu horretan Iberiar sistemak ere materialak ekarri zituen (Fiteroko konglomeratuak).

Kuaternarioan glaziak eta terraza mailakatuak sortu ziren. Hedadura handia dute Ebron eta Ega, Arga eta Aragoi ibaien beheko ibilguetan. Terrazak igeltsu geruzen gainean daudenean, azpiaren estrusioaren ondorioz deformatu egiten dira, igeltsuen plastikotasunarengatik.

Eskualde honen egiturari dagokionez, iparraldeko ertza lehenago aipatu diren zona geologikoen Mesozoikoko eta Itsas Tertziarioko zamalkaduraren eraginpean dago. Eremu osoko tektonikaren funtsezko elementuak Andosillako, Faltzesko, Tafallako eta Garesko antiklinal handiek halozinesi bidez sortu zituzten igeltsu eta gatzak dira. Hegoaldeko ertzean Iberiar sistemaren zamalkadura dago.

Azkenik, mendigune paleozoikoek apenas dute egiturazko loturarik aurreko eskualdeekin; hona hemen mendigune horiek: Aia-Bortziriak, Kintoa-Aldude eta Orotz-Betelu. Paleozoikoa, zeinak Pirinioen ardatza egiten baitu, apurka hondoratzen doa mendebalderantz, Nafarroaraino iritsi gabe. Hala ere, Nafarroan bertan han-hemen azaleratzen da, eta hiru unitate sortzen ditu, aipatutako mendiguneak alegia (Orotz-Betelukoak oso azalera txikia du). Egitura aldetik oso konplexuak dira, deformazio hertzinikoen gainean geroko dislokazioak jarri direlako.

Eskualde honetako estratigrafia nahiko konplexua da. Nafarroako lurrik zaharrenak Ordoviziarrekoak dira eta Luzaiden azaleratzen dira. Gero serie estratigrafiko osoak lehen aipatu den Keuperrera arte jarraitzen du. Harkaitz sedimentarioak zein basalto espilitikoko koladak agertzen dira.

Ikusi hau ere:

:: gora ::


 
Jar zaitez gurekin harremanetan          Erabilerraztasuna           Lege abisua          Webaren mapa