Nafarroako meteorologia eta klimatologia
Nafarroako erliebea - Meteo Navarra

Nafarroako erliebea


Nafarroan erliebearen aldetik bi zonalde bereizten dira argi eta garbi: iparraldean mendialdea, piriniar eta kantauriar orografiari lotua dagoenez, erliebe gorabeheratsua duena; eta hegoaldean, Erribera, Ebro ibarraren sakonunean kokatutako lautada haundia, erliebe leunekin. Ekialdetik, Leireko mendilerrotik, mendebaldera, Kodesko mendilerroraino, marra bat egingo bagenu Izko, Alaitz, Erreniega, Andia, Urbasa eta Lokiz mendilerroetatik igarota, hipsometriari dagokionez bi zati desberdinetan bana genezake Nafarroa: iparraldean nagusi dira 600 m-tik gorako altitudea duten lurraldeak; hegoaldean, berriz, 400 m-tik beherakoak. 600 m-ko isohipsatik gora eta behera daude, hurrenez hurren, probintziako azaleraren %40,62 eta %59,38.

Bi zonaldeen artean Nafarroako Erdialdea dago, Mendialdearen eta Erriberaren ezaugarriak konpartitzen dituena. Mendipe, ibar eta mendi-oinek osatzen dute, eta Erriberak baino altitude handiagoa du.
Nafarroako erdialdea

Mendialdea

Mendialdean morfologia aldetik diferenteak diren hiru eskualde bereiz daitezke: Pirinioaldea, euskal-kantabriar mendi sistema eta isurialde atlantikoko mendiak.

Pirinioaldeak Mendialdearen ekialdeko erdia hartzen du. Pirinio mendien mendebaldeko muturrak eta hari lotutako mendilerroen sistemek osatzen dute. Mendilerroaren ardatzak ekialde-mendebalde norabidea du, eta goragunerik garrantzitsuenak: Hiru Erregeen Mahaia (2.433 m), Nafarroako gailurrik altuena, Ori (2.017 m), Ortzanzurieta (1.566 m), Adi (1.457 m) eta Saioa (1.418 m). Pirinioen ardatzarekin perpendikularki, hegoalderantz, beraien artean paraleloak diren ibar batzuk daude. Ekialdetik hasita, mendebalderantz: Erronkaribar, Zaraitzu, Artzibar, Erro, Arriasgoiti, eta azkenik Esteribar. Hegoaldetik, Pirinioekiko paraleloak eta altuera txikiagokoak diren Pirinio aurreko mendilerro sistema batek mugatzen du eskualdea, hain zuzen ere, lehenago aipatu diren Leire, Peña, Izko, Alaitz eta Erreniegako mendilerroek, zeinen goragunerik garrantzitsuenak hauek baitira, ekialdetik mendebaldera: Arangoiti (1.356 m), Peña (1.069 m), Higa (1.295 m) eta Erreniega (1.037 m). Pirinio aurreko mendilerro horien eta piriniar ibarren artean bi sakonune zabal daude, ipar-mendebaldetik hego-ekialderantz, 500 m-tik beherako kotak dituztenak, ekialdean Irunberriko arroa eta mendebaldean Iruñekoa.
Pirinioak
Mendialdearen mendebaldeko erdia euskal-kantabriar mendi sistemaren ekialdeko muturrak hartzen du: ekialdetik mendebaldera doazen altuera ertaineko mendilerroak dira, eta leku batzuetan goi-lautadak sortzen dituzte; Aralar, Andia, Urbasa, Lokiz eta Kodes, eta horien goragunerik garrantzitsuenak Irumugarrieta (1.430 m), Beriain (1.494 m), Dulanz (1.239 m), Sartzaleta (1.114 m) eta Ioar (1.414 m). Horien artean dauden ibarrek ere ekialdetik mendebalderako norabideari jarraitzen diote; iparraldetik hegoaldera: Sakana-Burunda, Ameskoak, Allin Ibarra eta Egaibar.

Amaitzeko, Mendialdearen iparraldeko muturra kantauriar isurialdeko mendiek hartzen dute. Hauen artean goragunerik garrantzitsuenak: Auza (1.305 m), Iparla (1.049 m), Legate (870 m), Mendaur (1.131 m), Erakurri (1.142 m), Mandoegi (1.046 m), Aiako Harria (832 m) eta Larun (900 m). Naiz eta mendi hauek oso altuak ez izan eskualdearen erliebean alde handiak agertzen dira ibarren eta gailurren koten artean, batzuetan 1.000 m-tik gorakoak izanik. Substratu geologikoa konplexua dela eta, eskualde honetako ibarrek orientazio diferenteak dituzte, baina oro har iparraldetik hegoalderakoa da. Mendebaldetik ekialdera ibar hauek ageri dira: Luzaide, Baztan, Malerreka, Bortziriak, Urumea, Leitzaran eta Araitz.
Larrun

Erribera

Erriberak lehenago aipatu den banalerroaren hegoaldean dauden lurrak hartzen ditu, eta 400 m-tik beherako altitudea du. Ebro ibaiaren arroan dagoen eskualde honek ordoki zabalak ditu, batez ere terraza kuaternarioak, bizkar eta mendilerro txikiek zeharkatuak; mendilerro horien artean garrantzitsuenak: Uxueko mendilerroa, Azkoiengo mendilerroa, Montes del Cierzo eta Loma Negra. Ibarrak lauak dira eta eskualdea zeharkatzen duten ibai handien arrimuan hedatzen dira.
Ureztalurra Caparroson
Ikusi hau ere:
:: gora ::


Kontaktua        Estekak        Lege abisua