Nafarroako meteorologia eta klimatologia
Energia eolikoa - Meteo Navarra

Energia eolikoa


Energia eolikoa haizeaz baliatuz lortzen da. Izena Eolo haizearen jainko grekoari zor dio eta aintzinatik erabilitako baliabidea izan da: errotak, belaontziak... Energia honen jatorria eguzkia da, haizea aire-masen tenperatura diferentzien ondorioz sortzen baita. Lurraren berotasun ez uniformeak, presio desberdinak dituzten aire-masak sortzen ditu. Masa horiek goi-presio zonetatik behe-presio zonetara mugitzen dira.

Energia-iturri berriztagarria eta garbia da, baina aerosorgailua kokatuta dagoen lekuaren haize baliabideen arabera mugatuta dago. Haize indartsuak eta turbulentzia txikikoak behar dira.


Aerosorgailuek haizearen energia zinetikoa erabili dezakete makina bat zuzenean mugitzeko edo energia elektrikoa sortzeko. Parke eolikoetan aerosorgailu ugari funtzionatzen ari dira. Horrez gain, etxean energia sortzeko modeloak daude, zenbaitetan eguzki-plakekin konbinatu daitezke, etxeko energia-gastua murriztuz. Dena dela, aerosorgailua instalatu baino lehen kokalekuaren potentzial eolikoa ezagutzea komeni da. Mugimenduan dagoen aire-masa baten potentzia baliagarria airearen dentsitateari, zeharkatutako azalerari eta haren abiaduraren kuboari zuzenki proportzionala da.

Modu honetan kalkulatuko potentzia ez da aprobetxa daitekeen potentzia erreala, aerosorgailuak ere baldintzatzen duelako. Gainera, abiadura batzuk (adibidez 25 m/s-tik gorakoak) oso energetikoak izan arren, ez dira aprobetxagarriak. Potentzia balio hori orientagarria da, eta altuera desberdinetan neurtutako abiadurekin batera, zonaldearen baliabide eoliko energetikoa jakin genezake.

Ondoko orrietan haizeak altuera desberdinetan duen abiaduraren balioak erakusten dira, Nafarroako hainbat estazio meteorologikoetan neurtuak. Haizearen edo baliabide eolikoaren potentzia 10 metrotara kalkulatu da etxeko autokontsumorako erabiltzen diren instalazio txikietarako, eta horretan oinarriturik, 40 metrotara balioak estimatu dira.

Estazio meteorologikoetako haize-arrosak ondorengo mapan erakusten dira.

Berrogei metrotara kalkulatutako potentzial eolikoaren arabera, Nafarroan lau eskualde bereizten ahal ditugu:
  • Ebroaldeko Erribera, Eskualde osoan haize abiadura eta potentzia balio handiak (90 W/m2-tik gorakoa) daude. Nabarmenak dira goialdeetan erregistratzen diren neurriak, Aguilar Kodesen, Bardeako Yugon edo Bardeako Loma Negran. Baina potentziarik handienak hego-ekialdeko eskualdetan izaten dira. Haize-arrosetako grafikoetan ipar-mendebaldeko haizea edo Ziertzo deritzon haizea nabarmentzen da.
  • Nafarroako Erdialdea, Mendilerroetako gailurretan (Erreniega, Alaitz, Uxue) potentziak altuak dira (600 W/m2-tik gora), eta ibarretan aldiz, apalagoak.
  • Pirinio aurreko Arroak, Potentzia txikiagoak izaten dira, 50 eta 120 W/m2 artekoak, tokien arabera.
  • Ipar-ekialdea eta Pirinioak, Eskualde honetan Nafarroako baliabide eoliko eskasenak ditugu, baina zenbait gailurretan (Gorramendi, Aralar) neurtzen direnak aipagarriak dira.

Toki jakin bateko haizearen abiadura eta potentzian, orografiak zerikusi handia du, batez ere aipatu diren eskualdeetako azken hiruretan, Mendialdean, Erdialdean eta Pirinio aurreko Arroetan. Desberdintasun handia dago eskualde berdineko mendi gailurretan eta ibarren behealdeetan neurtutakoaren artean. Gorramendiko (haize ozeanikoen eraginpean dagoen gailurra) eta Doneztebeko (ibar zokoan, mendiz inguratua) baliabide eolikoaren diferentzia nabarmena da. Horregatik, orri honetan eskaintzen diren datuak orientazio modura erabili behar dira. Erliebe konplexua duten tokietan neurketak in situ egitea onena izango litzateke, hau da, aerosorgailua instalatu nahi den lekuan.


Kontaktua        Estekak        Lege abisua