Nafarroako meteorologia eta klimatologia
Eguzki-energia - Meteo Navarra

Eguzki-energia


Eguzki-energia eguzkiak fusio-erreakzio nuklearren ondorioz igortzen duena da. Espazioan zehar hedatzen da Lurraraino, energia partikula (fotoi) eta erradiazio forman . Eguzki energia berotzeko duen ahalmenagatik erabili daiteke, edo energia elektrikoan bihurtu gailu optiko nahiz bestelakoen bidez. Energia-iturri berriztagarri eta garbia da, beraz, hidrokarburoen bitartez sortzen den energiaren alternatiba ekologikoetako bat da. Izan ere, hidrokarburoak noizbait agortuko diren baliabideak dira eta, gainera, ingurumenean arazo larriak sortzen dituzte (kutsadura, berotze globala).


Planetako puntu batetan jasotzen den eguzki-erradiazioaren potentzia latitudearen, eguneko orduaren eta egoera atmosferikoaren menpe dago. Erradiazio zuzena nahiz erradiazio barreiatua aprobetxagarriak dira, baita bien arteko batura ere. Erradiazio zuzena eguzkitik zuzenean heltzen dena da. Erradiazio barreiatua berriz, zerupeak igortzen duena da, atmosferan, hodeietan eta lurreko elementuetan gertatzen diren islatze eta errefrakzio-fenomenoei esker.


Zuzeneko erradiazio normalari edo eguzki-izpiekiko perpendikularra den erradiazioari atmosferatik kanpo eguzki-konstantea deitzen zaio, eta batez besteko balioa 1.354 W/m2 koa da. Lurrazalean kopuru hori beti baxuagoa da, energiaren zati bat atmosfera zeharkatzean galtzen delako. Baldintza egokietan, 1.000 W/m2-tik gorakoa izatera heltzen da lurrazalean (irradiantzia izena du).

Planetako puntu jakin batetan eguzki-erradiazioaren potentzia modu teorikoan kalkula daiteke formula astronomikoen bidez, betiere zerua oskarbi dagoela kontsideratuz. Hala ere, balio hori zuzentzeko toki horretan hartutako erradiazio-neurri errealak erabili behar dira, fenomeno meteorologikoek (hodeiak, lainoa) potentzia teorikoa nabarmen aldatzen dutelako. Nafarroako 53 estazio meteorologikok eguzki-erradiaziorako sentsoreak dituzte, eguzki-erradiazioa gainazal horizontalean neurtzen dutenak. Eguzki-instalazio baten eraginkortasuna eta neurriak kalkulatzeko, erradiazio neurri hori panelen inklinazioren arabera zuzendu behar da, latitudearen (Nafarroan 42 gradu) eta urte sasoiaren menpe dagoena. Horrez gain, panelak eguneko orduaren arabera orientatu daitezke energia gehiago hartzeko.

Klik egin hemen, inklinazio eta orientazio jakinak dituzten paneletarako kalkulatu diren erradiazio-datuak kontsultatzeko.


Kontaktua        Estekak        Lege abisua