Aipatutako zentroek hainbat motatako aire-masak bidaltzen dituzte Nafarroara. Masa tropikalak beroak
dira, beren jatorriaren ondorioz; itsasotik heltzen badira hezeak izaten dira, eta kontinentetik etortzen
badira, berriz, lehorrak; batik bat udan heltzen dira. Goi latitudeetan sortzen diren masa polarrak,
hotzak, hezeak eta ezegonkorrak izaten dira ibilbide ozeanikoa izaten dutenean; kontinenteak zeharkatzen
badituzte, berriz, lehorrak izaten dira. Hotz-haizekadak sortzen dituzten masa artikoak bakanagoak dira.
Aire-masa tropikalek eta polarrek, edo aire-masa polar hotz eta epelek, elkar ukitzen dute eta euri-fronteak
sortzen dituzte. Fronte horiek Nafarroara batez ere mendebaldetik (ipar-mendebaldetik eta hego-mendebaldetik)
heltzen dira eta euriteak ekartzen dituzte. Iparraldeko korronteak ere oso euritsuak izaten dira; izan ere,
euri-zaparrada handiak eragiten dituzte.
Ezaugarri geografikoak
Lehenago deskribatu diren ekintza-zentro, aire-masa eta fronteek, behin Nafarroan sartzen direnean,
berezko ñabardura klimatikoetan islatzen diren ezaugarri bereziak hartzen dituzte. Zalantzarik gabe,
leku bateko kliman eragin handiena duten faktoreetako bat
erliebea da, eta Nafarroan erliebe horren
ezaugarririk behinena aniztasuna da. Aniztasun orografiko horren ondorioa da klimaren aniztasuna.
Altitudeak eragin handia du Nafarroako kliman. Gure lurraldearen zatirik handiena berrehun metro eta mila
metro bitartean dago; hortaz altitude ertaineko mendialdea da, eta hori ez da oztopo gaindiezina iparraldeko
latitudeetatik heltzen diren aire-masentzat; horrenbestez, fronte polarrek Nafarroako iparraldeko Kantauri
aldeko ibarrei ez ezik ibar horien hegoaldean dauden eskualde batzuei ere eragiten diete.
Kontuan hartu beharreko beste alderdi bat mendien orientazioa da. Nafarroako mendilerro gehienek orientazio
zonala dute, hau da, mendebaldetik ekialderakoa, eta ibar eta ibaiek iparraldetik hegoaldera zeharkatzen
dituzte mendilerro horiek; beraz, iparraldetik eta ipar-mendebaldetik etortzen diren hodei-masa nagusiak,
mendi horiekin talka egitean, gelditu egiten dira, gorantz jotzen dute, iparraldean prezipitazioak eragiten
dituzte eta hegoaldera lehor heltzen dira
Erliebeari dagokionez, kontraste handiko bi eskualde nabarmentzen dira Nafarroan:
Mendialdea eta
Ebroren
arroa. Lehenbizikoan sartzen dira Pirinioak, kantauriar isurialdea eta mediterraneokoa banatzen dituen
mendikatea, eta tarteko arroak. Bigarrenean, berriz, Mendialdetik kanpoko mendilerroek (Kantabria-Kodes,
Lokiz, Urbasa-Andia, Erreniega, Alaitz-Izko eta Leire) bereizten dutelarik, Nafarroako Erdialdea eta Erribera
ditugu. Pirinioen eta banalerrotzat hartzen den katearen ezaugarri nagusia orografia gorabeheratsua da.
Orografia horrek, era berean, aniztasun klimatiko handia dakar, eta Belate-Azpirotz banalerroak kliman
duen eragin handia polikiago azaltzea komeni da. Banalerro horretako mendi gehienak mila metrotik beherakoak direnez,
Asturiasen Kantabriar mendikatearen kasuan ez bezala, klima ozeaniko euritsutik klima mediterraneo lehorrerako
aldaketa ez da bat-batekoa, mailakatua baizik; horrela tarteko ñabardura klimatiko ugari sortzen dira. Gainera,
banalerroak pantailaren papera jokatzen du iparraldeko eta ipar-mendebaldeko euri fronteentzat.
Banalerro den mendikatetik Kantauri itsasoraino Nafarroako iparraldeko mendiak daude. Horien artean, koskarik
garrantzitsuenak Bortzirietako eta Kintoko mendiguneak dira. Mendigune horiek kliman duten eragina
garrantzitsua da, horiek baitira Kantauri itsasotik etortzen diren aire-masen aurka egiten duten lehenengo
mendi-adarrak. Horrenbestez, benetako hezetasun-pantailak dira; itsasoko hodei-masek horien aurka talka
egiten dute eta prezipitazio handiak eragiten dituzte mendi horien azpian dauden lekuetan, esate baterako
Artikutzan.
Nafarroako ipar-ekialdean Pirinioak daude. Hor daude Nafarroako gailurrik altuenak. Erdialdeko Pirinioek,
mendebalderago baitaude, Kantauri itsasoaren eragina jasaten dute. Ekialdeko Pirinioak, aldiz, garaiagoak
dira eta itsasoaren eraginetik urrunago daude.
Altitude handiak, orografia gorabeheratsuak eta maldek
negu luze eta hotza eta uda laburra ekartzen dituzte. Erliebea konplexua eta zatikatua baita, aire-masei eragiten
dieten fenomenoak gertatzen dira: geldialdiak, hainbat motatako esposizioak, inbertsio termikoak, haizeak
preso gelditzea eta zurrunbiloak sortzea, leku batzuk eguzkitsuak eta beste batzuk ospelak izatea, eta abar.
Alde batean Pirinioak eta banalerroa ditugu, bestean kanpoaldeko mendilerroak, eta tartean hiru pasabide daude:
Arakilgo korridorea eta Iruñeko eta Irunberri-Agoizko arroak. Mendien artean eta altu samar dauden eskualdeak
dira. Horregatik, egoera antiziklonikoetan geldi geratzen diren aire-masak, haize barea dabilenean, berotu
eta hoztu egiten dira urteko sasoi batean edo bestean. Halaber, pasabide horietan aire hotza metatzen da
neguan batez ere, mendietako aire hotza arroetara jaisten baita. Horren ondorioz inbertsio termikoak
gertatzen dira: lainoa sortzen da behealdean, eta zeru oskarbia aldiz gailurretan, Aralarko mendilerroan
ateratako irudian ikusten den bezala: