Oligozenoan eskualde osoa aintzira handi batek estali zuen. Kuaternariora arte iraun zuen aintzira horretan
hainbat material metatu zen. Metaketak lodiera handikoak dira subsidentzia handiaren ondorioz, eta denboran
zehar beren izaera aldatu egin zen. Buztin, tuparri eta igeltsuekin hasi zen; gerora, Miozenora igarotzean
eta Pirinioak altxatzearen ondorioz aurrekoekin bat ez zetozen konglomeratu metaketak sortu ziren
eskualdearen iparraldeko ertzean; gainerakoan, berriz, tuparri eta igeltsuek metatzen jarraitu zuten.
Miozenoan antzeko egoera izan zen, baina kasu horretan Iberiar sistemak ere materialak ekarri zituen
(Fiteroko konglomeratuak).
Kuaternarioan glaziak eta terraza mailakatuak sortu ziren. Hedadura handia dute Ebron eta Ega, Arga
eta Aragoi ibaien beheko ibilguetan. Terrazak igeltsu geruzen gainean daudenean, azpiaren estrusioaren
ondorioz deformatu egiten dira, igeltsuen plastikotasunarengatik.
Eskualde honen egiturari dagokionez, iparraldeko ertza lehenago aipatu diren zona geologikoen Mesozoikoko
eta Itsas Tertziarioko zamalkaduraren eraginpean dago. Eremu osoko tektonikaren funtsezko elementuak
Andosillako, Faltzesko, Tafallako eta Garesko antiklinal handiek halozinesi bidez sortu zituzten
igeltsu eta gatzak dira. Hegoaldeko ertzean Iberiar sistemaren zamalkadura dago.
Azkenik,
mendigune paleozoikoek apenas dute egiturazko loturarik aurreko eskualdeekin; hona hemen
mendigune horiek: Aia-Bortziriak, Kintoa-Aldude eta Orotz-Betelu. Paleozoikoa, zeinak Pirinioen ardatza
egiten baitu, apurka hondoratzen doa mendebalderantz, Nafarroaraino iritsi gabe. Hala ere, Nafarroan
bertan han-hemen azaleratzen da, eta hiru unitate sortzen ditu, aipatutako mendiguneak alegia (Orotz-Betelukoak
oso azalera txikia du). Egitura aldetik oso konplexuak dira, deformazio hertzinikoen gainean geroko
dislokazioak jarri direlako.
Eskualde honetako estratigrafia nahiko konplexua da. Nafarroako lurrik zaharrenak Ordoviziarrekoak
dira eta Luzaiden azaleratzen dira. Gero serie estratigrafiko osoak lehen aipatu den Keuperrera
arte jarraitzen du. Harkaitz sedimentarioak zein basalto espilitikoko koladak agertzen dira.
Ikusi hau ere: