Mendialdea
Mendialdean morfologia aldetik diferenteak diren hiru eskualde bereiz daitezke: Pirinioaldea,
euskal-kantabriar mendi sistema eta isurialde atlantikoko mendiak.
Pirinioaldeak Mendialdearen ekialdeko erdia hartzen du. Pirinio mendien mendebaldeko muturrak
eta hari lotutako mendilerroen sistemek osatzen dute. Mendilerroaren ardatzak ekialde-mendebalde
norabidea du, eta goragunerik garrantzitsuenak: Hiru Erregeen Mahaia (2.433 m), Nafarroako gailurrik
altuena, Ori (2.017 m), Ortzanzurieta (1.566 m), Adi (1.457 m) eta Saioa (1.418 m). Pirinioen
ardatzarekin perpendikularki, hegoalderantz, beraien artean paraleloak diren ibar batzuk daude.
Ekialdetik hasita, mendebalderantz: Erronkaribar, Zaraitzu, Artzibar, Erro, Arriasgoiti, eta azkenik
Esteribar. Hegoaldetik, Pirinioekiko paraleloak eta altuera txikiagokoak diren Pirinio aurreko mendilerro
sistema batek mugatzen du eskualdea, hain zuzen ere, lehenago aipatu diren Leire, Peña, Izko, Alaitz
eta Erreniegako mendilerroek, zeinen goragunerik garrantzitsuenak hauek baitira, ekialdetik mendebaldera:
Arangoiti (1.356 m), Peña (1.069 m), Higa (1.295 m) eta Erreniega (1.037 m). Pirinio aurreko mendilerro
horien eta piriniar ibarren artean bi sakonune zabal daude, ipar-mendebaldetik hego-ekialderantz,
500 m-tik beherako kotak dituztenak, ekialdean Irunberriko arroa eta mendebaldean Iruñekoa.