Eguzki-energia eguzkiak fusio-erreakzio nuklearren ondorioz igortzen duena da. Espazioan
zehar hedatzen da Lurraraino, energia partikula (fotoi) eta erradiazio forman . Eguzki
energia berotzeko duen ahalmenagatik erabili daiteke, edo energia elektrikoan bihurtu
gailu optiko nahiz bestelakoen bidez. Energia-iturri berriztagarri eta garbia da, beraz,
hidrokarburoen bitartez sortzen den energiaren alternatiba ekologikoetako bat da. Izan ere,
hidrokarburoak noizbait agortuko diren baliabideak dira eta, gainera, ingurumenean arazo
larriak sortzen dituzte (kutsadura, berotze globala).
Planetako puntu batetan jasotzen den eguzki-erradiazioaren potentzia latitudearen, eguneko
orduaren eta egoera atmosferikoaren menpe dago. Erradiazio zuzena nahiz erradiazio barreiatua
aprobetxagarriak dira, baita bien arteko batura ere. Erradiazio zuzena eguzkitik zuzenean heltzen
dena da. Erradiazio barreiatua berriz, zerupeak igortzen duena da, atmosferan, hodeietan eta
lurreko elementuetan gertatzen diren islatze eta errefrakzio-fenomenoei esker.
Zuzeneko erradiazio normalari edo eguzki-izpiekiko perpendikularra den erradiazioari
atmosferatik kanpo eguzki-konstantea deitzen zaio, eta batez besteko balioa 1.354 W/m2 koa
da. Lurrazalean kopuru hori beti baxuagoa da, energiaren zati bat atmosfera zeharkatzean
galtzen delako. Baldintza egokietan, 1.000 W/m2-tik gorakoa izatera heltzen da lurrazalean
(irradiantzia izena du).
Planetako puntu jakin batetan eguzki-erradiazioaren potentzia modu teorikoan kalkula
daiteke formula astronomikoen bidez, betiere zerua oskarbi dagoela kontsideratuz. Hala ere,
balio hori zuzentzeko toki horretan hartutako erradiazio-neurri errealak erabili behar dira,
fenomeno meteorologikoek (hodeiak, lainoa) potentzia teorikoa nabarmen aldatzen dutelako.
Nafarroako 53 estazio meteorologikok eguzki-erradiaziorako sentsoreak dituzte, eguzki-erradiazioa
gainazal horizontalean neurtzen dutenak. Eguzki-instalazio baten eraginkortasuna eta neurriak
kalkulatzeko, erradiazio neurri hori panelen inklinazioren arabera zuzendu behar da,
latitudearen (Nafarroan 42 gradu) eta urte sasoiaren menpe dagoena. Horrez gain, panelak
eguneko orduaren arabera orientatu daitezke energia gehiago hartzeko.
Klik egin hemen, inklinazio eta orientazio jakinak dituzten paneletarako kalkulatu diren
erradiazio-datuak kontsultatzeko.