Zona klimatiko honi buruz hau esan dezakegu labur: iparraldetik hegoaldera, altitudeak beherantz egin ahala
prezipitazioak gero eta urriagoak eta tenperaturak gero eta beroagoak dira. Nabarmendu behar da, Pirinioetako
mendikatea ekialdetik mendebaldera doana, iparraldetik datozen lainoentzat oztopo handia dela.
Horregatik hegoaldeko isurialdea frantziar isurialdea baino euri gutxiagoko eta eguzkitsuago da,
eta udan plubiositateak nabarmen behera egiten du. Nafarroako
Pirinioetan urtean metatutako prezipitazioa 2.200 l/m²-tik 1000 l/m²-ra jaisten da iparraldetik
hegoaldera, eta urteko batez besteko tenperatura 7 eta 11,5ºC-ko bitartekoa izaten da. Urteko intsolazioari
dagokionez, iparraldetik hegoaldera 1.800 ordutik 2.150 ordura aldatzen da.
Klimaren deskribapena urtaroz urtaro:
Udaberria (martxoa, apirila eta maiatza)
Hiru hilabete horietan eguraldia aldakorra da; egun batzutan hotz egiten du eta beste batzuk epelagoak dira;
zenbaitetan euria, eta beste aldi batzuetan ateri. Tenperatura maximoen batez bestekoek gorantz egiten
dute martxotik maiatzera; Espartza-Zaraitzun 12,5 ºC-tik 18,3ºC-ra. Martxoan izotza orandik erraz egiten du;
Espartzan batez beste 14 egunetan. Izozteak altituderik handienetan maiatzaren azken aldera arte gertatzen ahal dira.
Zenbat eta iparralderago, prezipitazioak orduan eta maizago; adibidez, Espartzan batez beste 328,5 l/m² metatzen
dira hiru hilabete horietan. Intsolazioa ere aldatzen da hilabete batetik bestera,
Erremendia-Zaraitzun eguneko
batez bestekoa, martxoko 5,6 ordutatik maiatzeko 6,8ra joaten da.
Uda (ekaina, uztaila eta abuztua)
Pirinioetako ibarretan uda laburra izaten da eta tenperaturak atseginak. Uztaila eta abuztua izaten dira
beroenak. Udan eguneko tenperatura maximoak Espartza-Zaraitzun ekaineko 23,1 ºC-etik uztail-abuztuko
26,6 joaten da. Gauak freskoak izaten dira, eguneko tenperatura goxoek eguzkia ezkutatzean, agudo behera egiten baitute.
Urtean euri gutxiena izaten den sasoia da hauxe, batez beste 165,2 l/m²-ko Espartzan. Urtaro honetan ekaitzak maiz izaten dira.
Batez besteko intsolazioa egunean 8,7 ordukoa da.
Udazkena (iraila, urria eta azaroa)
Eguna laburtu ahala tenperaturek behera egiten dute; maximoak hauek dira Espartzan: irailean 22,8 ºC eta
azaroan 11,8 ºC. Goialdeko ibarretan izozteak urriaren 1etik aurrera hasten dira, eta azaroan batez beste
12 egunetan izaten dira. Udazkena hemen ere euritsua da; Espartzan batez beste 339 l/m² erregistratzen dira.
Eguneko batez besteko intsolazioa, irailean 7,1 ordukoa izanik, azaroan 3,7 ordukoa besterik ez da.
Negua (abendua, urtarrila eta otsaila)
Neguak hotzak eta luzeak dira Nafarroako Pirinioetan; urrian hasitako izozteak sasoi
honetan oso maiz gertatzen dira eta maiatzean oraindik ere jarrai dezakete. Elurteak sarritan izaten dira.
Urtarrileko batez besteko tenperatura 2 eta 4 ºC artekoa da. Tenperatura minimoen efemerideen artean,
aipagarria da Erremendia-Zaraitzuko estazio meteorologiko automatikoan -24,8 ºC erregistratu zirela
2005eko martxoaren 1ean. Hori Nafarroako estazio meteorologiko batean inoiz erregistratutako tenperaturarik
hotzena da.
Hiru hilabete hauetan batez beste metatutako prezipitazioak ugariak izaten dira: Espartza-Zaraitzun 345 l/m².
Pirinioetako ibarretan prezipitazio horren zati handi bat elur moduan izaten da. Eguneko
batez besteko intsolazioari dagokionez, Erremendian 3,8 ordu ingurukoa izaten da.