Eskualde honetako mendiak apalak direnez, klima ozeaniko euritsutik klima mediterraneo lehorragorako aldaketa
apurka ematen da, eta horren ondorioz tarteko ñabardura klimatiko anitz ditugu. Belate-Azpirotz banalerroak
pantailaren papera jokatzen du iparraldeko eta ipar-mendebaldeko euri-fronteentzat.
Banalerro horretatik iparraldera, Kantauriar itsasotik oso hurbil, Nafarroako iparraldeko mendiak aurkitzen dira,
horien artean garrantzitsuenak, Bortzirietako eta Kintoako mendiguneak. Horiek dira Kantauriar itsasotik datozen
aire-masa hezeek aurkitzen dituzten lehenengo oztopoak; mendigune hauekin topatzean, aire-masek gora egin behar dute,
prezipitazio franko eraginez eskualde honetan,
Artikutzan kasu. Orokorrean urteko
prezipitazioa Urbasako mendilerroaren hegoaldean botatzen dituen 900 l/m²-ko eta leku hezeenaren 2500 l/m² artekoa da.
Tenperaturei dagokienez, urteko batez besteko altuena Kantauriar ibarretako tokirik epelenetako 14,5ºC-tik
barnealdeko zenbait parajetako 8,5ºC-tara doa. Urteko intsolazioari begiratzen badiogu, ikusiko dugu ordu-kopuruak gora egiten
duela iparraldetik hegoaldera joan ahala, 1.800etik 2.100era.
Zona honetan, batzuetan, hego haizearen eraginez,
Foehn efektua
gertatzen da: ipar ibarretako gunerik sakonenetan tenperaturek gora egiten dute nabarmen eta haizeak hezetasun guztia galtzen du.
Kontraste klimatiko handia gertatzen da, zeren, eskualde honetan eguzkia eta beroa den bitartean, Nafarroako gainerako eskualdeetan
hotz eta hezetasun handiagoak izaten baitituzte. Suteak zabaltzeko arriskutsua da.
Klimaren deskribapena urtaroz urtaro:
Udaberria (martxoa, apirila eta maiatza)
Udaberria eguraldi aldakor eta euritsuaren garaia da. Egunak igaro eta negua atzean utzi ahala, beroa
gero eta handiagoa izaten da. Batez besteko tenperatura maximoek gora egiten dute, martxoko 16ºC-etatik
maiatzeko 21ºC-etara kantauriar ibarretan, eta 12tik 18ºC-ra gorago dauden herrietan. Prezipitazioak
ugariak dira, batez beste, 260 eta 570 l/m² bitartekoak, eta intsolazioa batez beste, egunean bost ordukoa izaten da Donezteben.
Uda (ekaina, uztaila eta abuztua)
Udan tenperaturak atseginak dira, eguneko tenperatura minimo eta maximoen batez bestekoak, 11 eta 26ºC
artekoak izaten dira uztail eta abuztuan, urteko hilabeterik beroenetan, alegia. Urtean euri gutxiena
izaten den sasoia da, baina ezegonkortasun atmosferikoa dela eta prezipitazioak oraindik ugariak izaten dira.
Zehazki 120 eta 360 l/m² bitartekoak batez beste. Beraz udan ez da lehorterik izaten.
Donezteben batez besteko intsolazioa egunean 6,3 ordukoa izaten da.
Udazkena (iraila, urria eta azaroa)
Sasoi honetan tenperaturek apurka behera egiten dute. Irailean oraindik udako eguraldiak jarraitzen du, eta
urrian ere udaren hurbiltasuna nabaritzen da. Azaroan, ordea, tenperaturek nabarmen egiten dute behera.
Adibidez, irailean, arratsaldearen erdi partean, Donezteben tenperatura 25ºC-raino iristen da, eta Altsasun
22,2ºC-raino, baina azaroan, leku horietan batez bestekoak, 14,8 eta 11,5ºC-koak besterik ez dira izaten.
Prezipitazioak ere udan baino ugariagoak izaten dira, 250 eta 650 l/m² bitartekoak.
Eguneko batez besteko intsolazioa, irailean 5,4 ordukoa izanik, azaroan 2,7 ordukoa besterik ez da Donezteben.
Negua (abendua, urtarrila eta otsaila)
Neguan tenperaturak nahiko atseginak dira ibar hauetan, Nafarroako beroenak: batez beste, 7,2ºC Donezteben
urtarrilean, hilabeterik hotzenean. Hala ere, altuago eta itsasotik urrutiago dauden lekuetan (adibidez,
Arakilgo korridorean) neguak hotzak izaten dira eta sarritan egiten du elurra:
Altsasun, urtarrilean 4,6ºC
batez beste, eta izotza 12 egunetan. Sasoi euritsua da, 260 eta 650 l/m² bitarte metatzen baitira, eta Donezteben, batez
besteko intsolazioa eguneko hiru ordu ingurukoa izaten da.
Sailkapen klimatikoak
- Köppen
Köppenen sailkapen klimatikoaren
arabera zonalde honen klima Cfb da (Mendebaldar kostaldeko itsasaldekoa), C multzoaren barne (klima epelak):
C MULTZOA: KLIMA EPELAK |
Hezea, hilabete hotzenaren batez besteko tenperatura -3ºC (edo 0ºC) eta 18ºC artean, eta hilabete beroenaren batez besteko tenperatura 10ºC baino altuagoa
|
Cfb: Mendebaldar kostaldeko itsasaldekoa edo Ozeanikoa |
Klima epela da, uda freskoekin (hilabete beroenaren batez besteko
tenperatura 22ºC-tik beherakoa), prezipitazio ugariak eta urte guztian
zehar banatuak, baina Nafarroan prezipitazioen murrizketa nabari bat somatzen da udan. Ez dago hilabete lehorrik. |
Zonalde Atlantiko osoan ematen da, Urbasa mendilerroaren hegoaldean izan ezik. |
Cf1b: Mendebaldar kostaldeko itsasaldekoa edo Ozeanikoa
(Hilabete lehor bat) |
Klima epela, uda fresko eta prezipitazio ugariekin, baina hilabete
lehor batekin (2*t > p). |
Klima hau hegoaldeko muturrean ematen da, Urbasako mendilerroaren hegoaldean. |
Zonalde atlantikoa: Klima motak Köppenen arabera
C Multzoa, klima epelak:
|
Cfb, Cf1b: Mendebaldar kostaldeko itsasaldekoa edo Ozeanikoa |
- Papadakis
Papadakisen sailkapen klimatikoaren arabera
zonalde honetan Itsasaldeko multzoko klimak ematen dira, hegoaldeko zerro batetan ezik, non udako nolabaiteko lehortearen eraginez,
Mediterraneo itsastar klima topatu daiteken:
ITSASALDEKO KLIMA (M) |
Itsasaldeko beroa (Mc) |
Klima heze-beroa da, neguan tenperatura minimo oso gozoekin eta
gorabehera termiko txikiekin.
Negu motak, citrus-ena (Ci) eta uda motak, arrozarena (O). Prezipitazioen banaketa beti hezea da (HU).
|
Klima hau Goizueta eta Zugarramurdiko eremuan ematen da. |
Itsasaldeko epel-beroa (Mtc) |
Klima epel-hezea da gorabehera termiko txikiekin, eta aurreko motan baino negu ez hain onekin.
Negu motak, oloarena-k (Av) eta uda motak, artoarenak (M) edo arrozarenak (O). Prezipitazioen banaketa
beti hezea da (HU).
|
Kantauriar isurialdea, Goizueta eta bere inguruko salbuespenarekin.
|
Itsasaldeko freskoa (Mf) |
Klima epel-hezea da gorabehera termiko txikiekin, negu hotz eta uda freskoekin.
Negu motak, oloarena hotza (Av), baina Itsasaldeko epel-beroan (Mtc) baino hotzago, eta uda motak, gariarena (Tr).
Prezipitazioen banaketa beti hezea da (HU). |
Aurreko eremuaren hegoaldeko zerroan, mendebaldean, Aralarren hasi
eta ekialdean Kintoaraino. Altitude handiagoek tenperatura freskoagoak eragiten dituzte.
|
MEDITERRANEO KLIMA (Me) |
Mediterraneo itsastar freskoa (Mef) |
Klima heze-epel bat da, gorabera termiko txikiekin eta uda fresko eta nahiko lehorrekin.
Negu motak, oloarenak (Av) eta uda motak, gariarenak (Tr). Prezipitazioen banaketa mota mediterraneo
hezea (ME), udan 1 edo 2 hilabete lehor dituelarik. |
Aurreko eremuaren hegoaldean: Arakilgo ibarra, Urbasako mendilerroa eta
Ultzamako erdi ibaibidea.
|
Zonalde atlantikoa: Klima motak Papadakis arabera
Itsasaldeko klima (M):
|
Mc: Itsasaldeko beroa |
|
Mtc Itsasaldeko epel-beroa |
|
Mf: Itsasaldeko freskoa |
Mediterraneo klima (Me):
|
Mef: Mediterraneo itsastar freskoa |
Nafarroako beste zona batzuetako klimaren deskribapena ikusteko, klik egin ondoko esteka hauetan: